Zelan irakatsi informatika?

Zelan irakatsi informatika?

Informatika irakasgaia eduki zenuen eskolan?, gogoratzen zara zer egiten zenuen eskola horietan? ni bezala EGBkoa baldin bazara Logo dortoka gogoratuko duzu… guk horretaz gain mekanografia egiten genuen eta ezer gutxi gehiago… garai horretan “maria” bat zela esaten genuen eta onartu behar dut ondoren ez zitzaidala ezertarako balio izan bertan ikusitakoa, Informatika fakultatean sartu nintzenean benetako informatika zer zen ideiarik ez neukan…

Eta gaur egun? Nola eboluzionatu du informatika irakasgaia? Zer eta nola irakasten da informatika eskolan?, gure ikasleak eskola bukatzean teknologikoki gai izango dira? Teknologia gure bizitzako arlo guztietan dago sartuta dagoeneko eta edozein izanik gazte batek hartzen duen bidea ezinbestekoa suertatuko zaio teknologiarekin trebea izatea, eta ez, ez pentsa jakinda jaiotzen direla, dagoeneko honi buruz hitz egin dizut natibo digitalen kontua ez da egia!

Orain dela pare bat aste Eibarren, UEUko egoitzan, unibertsitateko irakasleak, ikerlariak, enpresak, institutuetako irakasleak… guztira 20 lagun bildu ginen eztabaidatzeko zelan planteatu beharko zen informatikaren irakaskuntza eskoletan, bai lehen bai bigarren hezkuntzan. Gai interesgarri asko jarri ziren mahai gainean besteak beste:

  • Irakasleagoaren konpetentzia digitalak: gure irakasleagoa prestatuta dago digitalki, teknologia beraien irakaskuntza prozesuan integratzeko? Eta unibertsitatetik hasten bagara, prestatzen ari diren irakasle berriak karreratik konpetentzia digitalak garatzen dituzte?
  • Konpetentzia digitalak kasu askoetan lantzen badira ere informatika bera apur bat baztertuta dagoela ere ikusi zen, eta pentsaera konputazionalari ez zaiola beharko zuen garrantzia ematen.
  • Ikusi genuen ezberdintasun handia dagoela informatikaren irakaskuntzan ikastetxe batetik bestera, eta bigarren hezkuntzan gai honi garrantzi gehiago ematen bazaio ere oraindik lehen hezkuntzan hutsune handia dagoela.

Jardunaldi benetan interesgarria izan zen eta bertan ikusi genuen bide luzea dugula oraindik egiteko eta agente asko falta zaizkigula erakartzeko; irakasleak (batez ere lehen hezkuntzakoak), pedagogoak, prestakuntza erakundeak…

Mintegi hau abiapuntu bat markatu duela pentsatu nahi dugu eta hemendik aurrera jarraitzeko lerroak ere markatu genituen:

  1. Lehendabizi definitu sortutako taldearekin zer lortu nahi dugun, hau da, nola pentsatzen dugun izan behar dela informatika irakaskuntza lehen eta bigarren hezkuntzan.
  2. Gaur egungo egoeraren diagnostiko zehatza egin.
  3. Aztertu beste herrialdeen Curriculuma
  4. Ikerketarako lerroak finkatu.

Hemen usten dizut Josik grabatu zituen bideoak eguna laburtzeko.


Eta zu, zelan ikusten duzu gaia? Zure umeak zelan ikasten edo zure ikastetxean zelan irakasten duzue informatika? Ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude